Giltzurruneko gaixotasuna duten pertsonen adierazpena
Giltzurruneko Gaixotasun Kronikoa (GGK) osasun publikoaren egiazko arazoa da; izan ere, oso zabalduta dago herritar guztien artean, bereziki, adinekoengan edo/eta eritasun honi lotutako bestelako gaixotasun kroniko batzuk (esaterako, diabetea edo gaixotasun kardiobaskularrak) dituzten pertsonengan. Aurreikuspenen arabera, Espainiako herritarren % 9,16k dute GGK, gaixotasunaren hainbat fasetan. 65 urtetik gorakoen artean, berriz, ehunekoa % 23,67ra igotzen da. GGK-k, gainera, ondorio emozional handiak izaten ditu, bai eta gizarte kostu handia ere, ez soilik gaixo dagoen pertsonarentzat, baizik eta baita haren familia osoarentzat ere. GGK-k oztopoak jartzen ditu, eta horren ondorioz, gaixo dauden pertsonek ezin dute gainerako herritarren baldintza berberetan gozatu euren eskubideez.
Jakin badakigu, datu horiek izanagatik, GGKren inguruko ezagutza gabezia eta diagnostiko gutxiegitasuna dagoela, eta horrek izugarri zailtzen duela gaixotasuna kontrolatzea. Horren ondorioz, pixkanaka okerrera egiten dute osasun fisiko zein psikologikoak eta harreman sozioafektiboek, eta litekeena da konplikazioak agertzea eta ordezko tratamendua izateko beharra handitzea. Ezaugarri horiek direla tarteko, ugaldu egiten da heriotza izateko arriskua, eta tratamenduaren kostu ekonomiko zein sozialak nabarmen egiten du gora.
Egoera hori saihesteko, GGKri heltzeko estrategiak ezartzeko aukera aurreikusi behar da. Estrategia horiek harremana izango dute gaixotasunaren prebentzioarekin, diagnostiko goiztiarrarekin eta adarkadura goiztiarrarekin, bai eta organoak emateari eta transplanteak egiteari buruzko sentsibilizazioarekin ere.
Kezkatuta gaude; izan ere, gaur egungo krisialdi ekonomikoaren eraginez osasun arloko gastua atxikitzeak eta autonomia erkidegoetan murrizketak aplikatzeak ekarri du diagnostiko prozesuez eta bakoitzaren egoeraren araberako tratamendu edo kirurgia lan egokienez eta onenez gozatzeko garaian berdintasunik ez egotea.
Era berean, badakigu GGK-k gaixotasuna duen pertsonaren eguneroko jardueretan, lan eta hezkuntza jardueretan, eta jarduera sozioafektiboetan eragindako ondorio negatiboak kalte nabarmenak eragiten dituela haren bizi-kalitatean zein
ingurukoenean.
Horregatik, uste dugu ezinbestekoa dugula profesionalen laguntza, arreta sozio-sanitarioa eskain dezaten, bizi-proiektu autonomo normalizatu bat sortzeko eta horri eusteko neurri orekatzaileak sustatzeko, GGK duten pertsonen elkarteen zerbitzuekin koordinazioan jardunda eta erreferentziazko nefrologo baten laguntzarekin, GGK duen pertsonaren zaintza integralaz arduratuko diren osasun arloko profesionalen diziplina anitzeko taldea koordina dezan eta gaixotasunak eragindako ibilbide osoan (diagnostikoa, terapia…) gaixoaren alboan egon dadin.
Uste dugu administrazio publikoek giltzurruneko gaixotasun genetiko edo ondoretasunezkoen orain artean tratamendurik edo sendabiderik ez dutenak‒ ikerketa bultzatu eta sustatu behar dutela.
Ziur gaude tresna bateratu bat (esate baterako, adierazpen hau) edukitzea oso lagungarria izan daitekeela GGK duten pertsonen eskubide zein premiak aitortzeko, gizartearen kontzientziazioa sustatzeko eta osasun zein gizarte arloko legegile eta profesionalen kontzientziazioa bultzatzeko.
Aurkeztera gatozen ADIERAZPEN honen helburua da, hain zuzen, Estatuko Osasun Sisteman garatutako eta gure kolektiboari eragiten dioten politikei buruz Giltzurruneko Gaixotasuna duten pertsonek duten iritzia eta lankidetzarako duten borondatea osasun administrazioen eskura jartzea. Eta hori guztia osasunaren autokudeaketa bultzatzeko; betiere, gaixoak eta horien autonomia zein eskubideak izanik ardatz nagusi. Gaixoak baitira osasun eta gizarte arloko profesionalen esku-hartzearen zentro neuralgikoa ‒tratamendua bezainbeste edo gehiago.
Adierazpen honetan egiten ditugun proposamenak, hain zuzen, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Europako Kontseiluak, Europar Batasunak, Estatuko Osasun Sistemako erabiltzaile eta gaixoen eskubideei buruz Espainiako legeak, eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak emandako ebazpenetan oinarritutakoak dira.